2019/01/24
  • Hamabi lagun egoten dira postuan eta hamabost bat aritzen dira guztira lanean bakerotarren talo postuan.
    Hamabi lagun egoten dira postuan eta hamabost bat aritzen dira guztira lanean bakerotarren talo postuan.
  • albistea//BAKEROTARREN TALO POSTUA

    «Azken feria inoizko hoberena izan zen eta erraldoiak eta buruhaundiak konpontzeko egin da aportazioa»

  • 15 urte bete dituzte bakerotarrek talo postua jarriz ferian, eta urtero diru aportazioa egiten dute egitasmo desberdinetarako.

  • GOIZUETA
    2019/01/12 00:00 Larunbata
  • Bakerotarrak 2004an hasi ziren talo postua jartzen Goi­zuetako ferian, eta ordutik urtero-urtero jarri dute hutsik egin gabe, urte hauetan eta 15 edizioetan. Izaskun Bakero izan da hamaika anai-arrebetatik ardura hartu zuenetakoa eta inork baino hobeto ezagu­tzen ditu postuaren nondik norakoak. 

    Postuaren atzean dagoen historia, lana eta betebeharrak azaltzen ditu. «Azken feria inoizko hoberena izan zen, dena perfekto, ezin hobeto joan zen eta bildutako dirua buruhaundi eta erraldoiak konpontzera bideratuko da». Hori baita urtero biltzen den diruaren etorkizuna, Goizuetak eta herriko elkarteen gabeziak baretzea eta irtenbidea ematea ahal den neurrian. 

    «Erraldoiek erosoago eta eramangarriago izateko aldaketak behar dituzte. Barruan daudenak kexatu egiten dira, min egiten baitute sorbaldan».

    2004garren urtean Goizu­etako Kultura batzordekoak harremanetan jarri ziren Izas­kun Bakerorekin, galdetzeko ea ausartuko zen postua jartzen. «Etxean egiten genituen taloak lagunekin». Baina postua ba­ka­rrik jartzea ezinezkoa zela azaldu zeun Izaskunek, eta an­tolatzaileek beharrezko materiala jarriko zutela esan zioten. «Ez genuen ezer ere. Komen­tatu nien materiala jarriz gero ni saiatuko nintzela talde­txoa osatzen». Eta zer hobe, taldea etxekoekin osatzea baino. Ho­nela hasi ziren bakerotarrak talo postuarekin. 

    «15 pertsona aritzen gara postuan, hamabi barruan eta beste hiru laguntza ematen kanpotik»

    «Koinatak, ahizpak, hiru lagun min... denen artean osatu genuen taldea. Mutilek lan mota batzuk egiten dituzte; esaterako, txapak alde batetik bestera mugitu, karga haundia baitute; muntaian…». Guztira «hamabost bat persona» ari­tzen dira lanean egun horretan, eta «postuan, hamabi». 

    Bakerotarrek jende faltarik ez dute, sendi haundia dira eta. «Zentzu horretan abantaila dugu bai. Lau ahizpa egoten gara postuan, koinata, senarraren aldeko beste bi koinata ere bai… gehienak bertakoak». Hamaika anai-arreba dira guztira. Iñaki Bakerok ere, erraldoiean ardura ere badaramanak, lagunten du postuan.

    Talo bereziak egiten dituzte eta jendez gainezka daude
    Gainera bakerotarren taloak badute berezitasuna. «Norma­lean postuetan tolestu egiten da taloa, baina guk ez. Erditik irekitzen ditugu, barruan sar­tzen ditugu eta berriz ere txapan jarri gazta urtu arte; Goizuetan marrukoa esaten zaio, berriz sartu eta txapara». Etxean egin izan duten eran egiten dute Goizuetako ferian. 

    Bi egoten dira txapetan, bi orea egiten, beste bi zabaltzen, bestea txistorra eta hirugiharrarekin, beste bi ireki eta sar­tzen, bestea komandak har­tzen... ez da lanik faltatzen. «Herriari laguntzeko denak beti prest». Olaizolatarrek ere edaria jar­tzen dute. «Sagardo barrika da beraien kolaborazioa».

    Egun haundia izaten da Goizuetan feria eguna eta aurten oraindik eta arrakasta­tsuagoa izan omen da. «Jende asko biltzen da eta eguraldiak eragina izaten du. Aurten pasa­da bat izan da» dio Izas­kunek. «Orain arte gehien lan egin dugun edizioa. Festetako egun bat bezala izaten da, egun latza». Urtetik urtera gero eta postu gehiago jartzen dira. 

    Egitasmoentzako laguntza eta aportazioak
    Lehenengo urtean postua jar­tzerakoan inork ez zituen diru sarrerak kontuan hartu. «Kaos xamarra izan zen. Dena berria zen guretzat. Azkenean osatu genuen, goiza pasa ere bai eta diru bat lortu zen. Diru hori ez zen gurea, batzordekoeri hurbildu eta ez zuten pentsatu diruan. Momentu horretan herriko familia batek ezbehar bat izan zuen eta gure proposamena izan zen familia horri laguntzea. Horrela egin zen». 

    Hala ere Izaskun Bakero jakitun zen antolakuntza nahi­ko kaotikoa izan zela eta proposamen bat egin zuen. «Nik esan nien taloaren postuaren inguruan dena antolatuko nuela, nere esku hartuko nuela. Eta diruarekin zer egingo den ere bai. Horrela hasi ginen». 
    Izaskun Bakerok gogora­tzen ditu lagundutako elkarte, talde, egitasmo… guztiak. «Beti izan dira aportazioak: Dan­tzako mu­­sika ekipoa erosteko, goizu­e­tar bat Parisen atxilotutata zegoela-eta bisitan joateko au­to­buserako,  herriko futbito el­kar­teko bi taldeen­tzako, gimnasioarentzako ma­te­rialaren portearentzako eta aglomeratua jartzeko, gaso­­lindegiaren lehendabiziko tramiteentzako, pilota eskolaren txapelketa berreskuratu ahal izateko le­hen­dabiziko bi urteetan, haur­tzaindegia martxan jartzeko, aurten erraldoien­tza­ko…».

    Aportazioak urtearen arabera desberdinak
    Generoa erosi, gastu guztiak osatu eta diru sarrerak kontuan hartuta geratzen den so­berakina da aportazioentzako bideratzen dena. Taloa bi eurotan saltzen da eta lau euro  eta erdian taloa nahi den osagaiarekin. «Feria 10:00etan hasten da eta gu zortzietarako bertan egoten gara dena antolatzen. Eguraldi txarra egiten badu eskolako frontoian jar­tzen ga­ra, bestela Plazan. Es­ker­­tzekoa da bertan leku ederra eta erosoa uzten digutela. Ez daukagu azpiegiturarik kan­poan egoteko euria hasten badu». 

    Tresneria Izaskun eta senarrarena dira eta urte bakoitzean zertan huts egin den edo zer hobetu behar den hartzen dute kontutan hurrengorako. «Adi­bi­dez txapak Iñaki anaiak egin ditu, baditugu bost».

    Lortu izan den dirua, normala denez, aldatzen joan da. «Ateratzen duguna da eskain­tzen duguna. Ez dugu lana egiten gauza baterako. Han gaude eta lana egingo dugu. Gero datorrena ongietorria da. Gas­tu bezala ere sartzen dugu feriko bazkaria; hamabi lagunen­tzako txartelak erosten ditugu. Jeneroaren gastua, materialaren gastua eta txartelak ordaintzea dira gastuak, eta hortik aurrera ateratzen duguna da bideratzen dena aportazio bezala». 

    Eramangarriagoak egingo dira erraldoiak
    Erraldoiak eramatea ez da erraza izaten eta Iñaki Bakero da koordinazio lanetan aritzen dena. Goizuetar gazteek eramaten dituzte erraldoiak eta jazten dituzte buruhaundiak. «Berriak dira erraldoiak, baina barrengo armadura oso gogorra da. Materialak arindu arren sorbaldan asko sartzen dira nahiz eta bigungarria jarri. Goizue­takoak Añorgara joaten dira eta ikusten dute arnes moduko bat dutela eramangarriagoa egiteko. Hori arintze aldera egokituko dira eta horretara bideratuko da aportazioa. Buru­haun­dien arro­pak ere berritu nahi dira posible baldin bada» dio Izaskunek. 

    Erraldoietako bat eramaten Izaskunen semea aritzen da. «Orain 19 urte ditu. Erraldoia eramateko indarra behar da eta jakin ere bai, ez da erraza. Buruhaundiekin ordea gazte­txoagoak aritzen dira. Bost buruhaundi daude Goizuetan eta festetan gehiago aritzen dira, kanpotik etorrita. Gu ere Añorgara mugitzen gara, asko laguntzen digute añorgatarrek». 

     

    «Aportazioak guk erabakitzen ditugu nori egin, beharren arabera»

    Izaskun Bakerok herriaren beharrei erreparatzen die urtean zehar eta gero denen artean erabakitzen dute. «Ezin da promesarik egin, gero agian dirurik ez delako egongo. Konpromezua postua jartzea da».

    Aipagarria da aportazioak egiterako garaian bakerotarrak be­raiek direla erabakitzen dutenak nora bideratu. «Inoiz ez zai­gu etorri elkarterik eta ez beste inor di­rua eskatuz. Hori behin bakarrik gertatu zen. Pilota elkartetik txapelketa be­rriz antolatze­ra­koan ea babesle izan nahi ge­nuen esan ziguten eta gu gustora». Izaskun Bakero bera izaten da herriaren beharrei erreparatzen diena. Gero, denen artean erabakia hartzen dute. «Belarria adi-adi jarri eta en­tzun egiten nuen nor zegoen beharrean: futbi­tokoak larri dabiltzala, haur­tzaindegia mar­­­­txan jarri nahi dutela... hori bai, beti zabaldu gabe. Ez da jakiten aurretik». 

    Kontuan hartu behar da feria egin aurretik postua jar­tzen duenak ez dakiela nola joango den salmenta, jenderik ibiliko den ala ez, diru sarrerekin gastuak estaliko diren ala ez. «Arriskatzen gara, jenero guztia erosten da, gastuak hor daude, eta aurretik ezin da esan diru sarrerak egitasmo ba­tera bideratuko direnik. Pen­tsa gero ez dagoela dirurik». 

    «Nora bideratuko den dirua ezin da aurretik esan, ez baitakigu salmentak nola 
    joango diren»

    Konpromisoa izan zen postua jartzea eta hori da betetzen dutena bakerotarrek. «Inork ez du dirurik eskatu eta hori ez da lehenesten dena, aportazioak egitea salmenten ondorioa dira. Gastuak kubritzea da helburua. Nik aipatzen dut ideia eta taldeak onartzen du».  Izaskunek ere nabarmendu nahi du herriaren esker ona. «Errespetatzen da erabakia eta ongi moldatzen gara».

    Herri batean beti daude beharrak eta ideiak ere ez dira falta. «Beste aportazio bat egin genuena izan zen giza futbolina  ekartzeko festetan. Urtean zehar zerbait entzuten badut kontutan hartzen dut. Merezi duten gauza asko daude. Aurten aportazio polita egin ahal izanen da, baina beti ez da horrela izaten. Gutxiago edo gehiago beti egin da aportazioa eta jarraitu dezala horrela izaten».

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Pisu txiki bat alokatuko nuke 600-650 €tan. Epela.

    Telefonoa: 631825483


  • Taxi lizentzia salgai Hernanin, jubilazioagatik.

    Telefonoa: 670012987


  • Tailer mekanikoa salgai Hernanin. Lizentziak indarrean ditu eta makineria guztia prest. Bezero kartera haundia eta errentagarritasun frogagarria.

    Telefonoa: 656709251


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • Logela bat alokatzen du hernaniko gazte batek asteburutan.

    Telefonoa: 651936546