2018/10/22
  • Unai Loiarte alkatea, Plazako parkearen aurrean. Berritu eginen du parkea Udalak, aurten.
    Unai Loiarte alkatea, Plazako parkearen aurrean. Berritu eginen du parkea Udalak, aurten.
  • albistea//GOIZUETAKO UDAL AURREKONTUA

    Herriko bi parkeak berritzea eta Artikutzara sarrera egokitzea, 2018rako proiektuak

  • 802.498,46 euroko aurrekontua izanen du Goizuetako Udalak, aurten. Hasierako aurrekontuan, %6a bakarrik bideratuko da inbertsioetara, baina hala ere, zenbait proiektu gauzatu nahi dituzte: Xalto eskolako eta Plazako parkeak berritzea, Artikutzako aparkalekura doan bidea egokitzea, Madalenako zubitik Olatxora bidegorria...

  • GOIZUETA
    2018/04/14 00:00 Larunbata
  • Behin betiko geratu zen onar­tuta, martxoaren 15ean, 2018ko Goizuetako Udal Aurrekontua. 802.498,46 eurokoa izanen da, eta iazko Zabortegiko obraren adinako inbertsio haundirik ez egin arren, hainbat proiektu dauzka esku artean Udalak, urte honetarako ere.

    Hasierako aurrekontuaren %6a bakarrik dago jasota in­ber­tsioetarako, baina modifikazioak eginen dituzte, proiektuetako batzuk gauzatzeko. Ho­rien artean daude, Madaleneko zubitik Olatxora bidegorria egitea, edota Artikutzako sarrera baino lehen dagoen aparkalekura, bidea egokitzea.

    Sarrera nagusia, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza
    Aurten ere, bi sarrera iturri nagusi izanen ditu Goizuetako Udalak: ohikoak batetik, zergak, tasak eta horrelakoak, %37a dira, eta mantendu eginen dira aurten; eta bestetik, Nafa­rroa­ko Gobernuaren dirulaguntza, sarreren %46a. «Bi horiek dira, inbertsioetarako marjen pixka bat ematen digutenak. Lehen, menditik izaten genuen diru sarrera nagusia, baina tifusaren gaitzak pinu guztiak kaltetu zituenetik, gure sarrera na­gusia, propioa ez den baliabide bat da. Esperantza badaukagu, Mapa Lokalaren proiektuak gure gaitasun ekonomikoa ho­betuko duela, baina momentuz iaz bezala dago, eztabaida parlamentarioan jarraitzen du; eta ikusi behar da zein ibilbide izanen duen, jakinda legealdiko azkeneko urtea dela», azaldu du Unai Loiarte alkateak.

    Eta beste diru sarrera bat, mendi loteen subastatik lortu nahi du Udalak: «iazko subasta desertu geratu zenez, asmoa da aurten biak batera ateratzea, iazkoa eta aurtengoa».

    Aurreneko modifikazioa, hiru gastu txertatzeko
    Gastuetan, berriz, pertsonalarenak izanen du zati haundiena, %34a; eta funtzionamendu gastuek %17a. Zerbitzuetarako, aurrekontuaren %19a bideratuko da aurten. Eta esan bezala, aurrekontuaren %6a bakarrik bideratu da inbertitzeko: «ez da asko, inbertsioetarako geratu zaiguna», dio alkateak.

    Hala ere, dagoeneko egin dute aurreneko modifikazioa, hiru gastu txertatzeko: batetik, pertsona bat kontratatzea, urte­ro bezala, subastatuko den mendi lotearen neurketa egin dezan, Gobernuko mendizainarekin eta udal langilearekin batera; eta beste biak, Xalto eskolako parkea eta kanpoaldeko argiteria berritzea. Hori egiteko, dirulaguntza bat baliatuko du Udalak.

    Hain justu, eskolako parkea eta Plazakoa berritzea da, aurtengo proiektu nagusietako bat: «herritarrek egindako eskaera bat da, eta konpromisoa hartu genuen biak berritzeko». Plaza­ko parkea berritzeko, dena den, ez du dirulaguntzarik jasoko, eta Udalaren gastutik asumituko da; 15.000 euro, guztira. Bietan, berrituko dira lurra eta mobiliario osoa: «es­ko­lakoa, adostu genuen eskolan landuko zutela nolakoa egin, ikasturtean zehar; baina ez dute aukerarik izan, eta azkenean, Udalak egin du, eskolako zu­zendaritzaren adostasunarekin», azaldu du Loiartek.

    Zabortegitik Artikutza baino lehen dagoen aparkalekura, bidea egokitzea
    Beste inbertsio garrantzitsua da, egokitzea Artikutzara sarbidea, Goizuetatik. Zehazki, txukundu eta konponduko dute za­­bortegitik Arti­ku­tzako sarrera baino lehen dagoen aparkalekura bidea. 110.941,10 euroko au­rrekontua dauka obrak, eta hori au­rrera eramateko, 50.000 euroko dirulaguntza jasoko du Udalak, Cederna-Garalurrek ku­deatzen duen Europako dirulaguntza batetik; Landa Garape­ne­rako Planekoa, hain justu.

    Dirulaguntza deialdi horretara aurkeztu zituen, beste bi proiektu ere; baina bi horietan, ukatu egin diete laguntza. Tifa­nitxo eraikina, gaztetxea dena, barrutik berritzeko proiektua da aurrenekoa: «egokitu eta erabilera anitzetako espazio bi­la­katu nahi dugu, herriko eragile ezberdinek izateko beraien lo­kala bertan, beren jarduera au­rrera eramateko. Oraindik ez da ebazpena atera, baina esan digute, ez digutela emanen di­ru­laguntza, ez delako akreditatzen eraikin hori gurea denik. Ju­ri­di­koki, Elkartasuna elkartearena da, 1901ean sortu zena, eta bere egituraren barruan veintena ize­neko figura daukana, egungo arauetatik kanpo dagoena, au­ke­raketa librearen kontra doalako. Elkartea bera, ez da fun­tzionala, eta Udalak indarra hartu duen heinean, bere eskumenak Udalak hartu ditu, nahiz eta juridikoki el­kar­­tearenak izaten jarraitu; besteak beste, mendia edota Ti­­fa­ni­txo bera. Beraz, gure asmoa da ebaz­pena errekurri­tzea, justifikatuz teilatua berritzeko Uda­lak egin zuen gastua, eta Udala dela ohiko gastuak ordaintzen dituena. Eta horrekin batera, martxan jarriko dugu Elkar­ta­suna elkartearen disoluzioa».

    Bidegorria, Madalenako zubitik Olatxora
    Europako dirulaguntza ukatu diote, arrazoi beragatik, Mada­le­nako zubitik Olatxora bitarteko bidegorriaren proiektuari: «ibilbide guztian, lurra ez da Udalaren jabetzakoa, zati batzuk jabe partikularren esku daude. Baina guretzako estrategikoa da bide­gorria luzatzea zati horretan, ikusita jendea errepidetik ibil­tzen dela, eta bidegorriaren au­rreneko zatiak arrakasta daukala. Beraz, gure asmoa da le­ge­aldi honetan aurrera eramatea proiektua, uste dugulako he­­rritarren gehiengo haundi batek eskatzen duen zerbait dela. Horretarako, disposizioa lortu behar dugu. Aurreneko aukera da jabeekin adostasunera iristea, eta azkenekoa, beti hor dagoena, jabetzaren espropiazioa», dio Unai Loiartek.

    Inbertsio gehiago ere eginen ditu Udalak aurten. Dan­tzen lo­kala berrituko du (8.000 euro): leihoak berritu, komunak egokitu... Be­rritu eginen du, Borda Erretik Erreka­le­ku­ra doan pis­ta ere, Basa­untz ehiza elkartearekin ba­te­ra (2.000 euro). Eta ki­­ta­miedosak jarriko ditu, zenbait baserritarako bi­deetan, se­gur­tasuna hobetzeko (1.000 euro).

    Autoenplegurako dirulagun­tzak ere emanen dira, autoenpleguaren alde egiten dutenei, Gizarte Segurantzako gastuekin laguntzeko (2.000 euro). Eta beste partida bat gorde da, au­zolana sustatzeko: herritarrek auzolana antolatu nahi dutenean, materiala utziko zaie, asegurua kontratatuko da, eta hamaiketakoa emanen zaie bukaeran. Interesatuek, udaletxera jo behar du, eta adostuko dute zer egin.

    Iralekuen hitzarmenak egiteko, informazio bilketaren fa­sea bukatzeko enpresa bat kon­tratatuko da (6.000 euro), Uda­lak ezin baitu bere baliabideekin. Eta beste pertsona bat hartuko da, udaran, Zubimuxu aterperako: «Udalak kudeatzea ez da egokia; zinegotziei lan haundia suposatzen die, eta lanpostu bat ez da aprobetxa­tzen. Gainera, aterpea bultzatu gabe 5.000 euro inguruko irabaziak izan bazituen 2017an, norbait jarrita gehiago lortu daiteke. Nahi duguna da, norbaitek aterpea hartzeko interesik badu, Udalera gerturatzea».

    Ganbarara igogailua, 2019an
    Datorren urterako proiektu bat ere aurreratu du Udalak, dagoeneko: igogailua jarriko dute udaletxeko ganbarara, kontsul­tako komuna dagoen tokian. 100.000 euro inguru izanen dira, baina %70a diruz lagunduko du Nafarroako Gober­nu­ak.

     

    2018ko UDAL AURREKONTUA

    Sarrerak: 802.498,46€
    Zerga zuzenak 196.600€
    Zeharkako zergak 12.000€
    Tasak, prezio publikoak eta bestelakoak 87.618€
    Transferentzia arruntak 272.344,46€
    Ondare sarrerak 139.248€
    Kapital transferentziak 92.688€

     

    Gastuak: 802.498,46€
    Inbertsioak 48.181,58€
    Mendiko arloa 76.170€
    Euskara eta kultura 68.220€
    Pertsonal gastuak 268.663€
    Gastu orokorrak 137.454€
    Zerbitzuak 152.937,88€
    Bestelakoak 50.872€

     

Iragarki merkeak

  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894