2018/11/16
  • Axun Ugalde golfeko materialarekin.
    Axun Ugalde golfeko materialarekin.
  • sekzio berezia//AXUN UGALDE GOLF JOKALARIA ETA ARBITROA

    «Golfean, jende askok jokatzen du, baina arauak oso jende gutxik dakizki»

  • Axun Ugalde ereñotzuarra golf jokalaria eta arbitroa da, EAEn eta espainiar estatuan. Basozabaleko bazkidea da egun, eta bigarren mailan jokatzen du, 6,8ko handicaparekin. Senarraren bidez hasi zen golfean eta orain pasioz bizi du.

  • EREÑOTZU
    2014/12/13 00:00 Larunbata
  • Ikusi dudanez, golfista amorratua zara. Baina zure afizioa nahiko berandukoa da, ezta?
    Bai, orain dela dozena bat urte hasi nin­tzen. Imanol senarraren bidez hasi nintzen. Berari txikitatik gustatu izan zaio golfa. Ez zuen jokatzen, baina telebistan beti ikusten zuen. Gero, Lan­detan etxea erosi genuen eta han golfeko zelai bat dago eta hantxe ibiltzen ginen. Egia esan, he­men, Andoaingo Goiburu kluba sortu arte, ez zegoen aukerarik golfean aritzeko. Zarautz, Baso­zabal eta Jaizki­belekoak klub pribatuak dira eta bertan joka­tzeko bazkide egin behar zara. Fran­tzian berriz, golf zelaiak irekiak dira. Eta halaxe animatu ninduen Imanolek. Hala ere, bera autodidakta xa­ma­rra da, eta nik zelai batera atera aurretik ikasi egin nahi nuen. Horretan ginela, Goiburu ireki zuten. 2002an izan zen hori. Han edozeinek jokatu de­zake. Eta ikastaroa jaso genuen. Han­di­capa atera genuen, hau da, edozein golf zelaitan ibiltzeko ziurtagiria. Bakoitzaren maila zehazten du. Eta Handi­capa ateratzen duzunean, 36rekin hasten zara. Lortzen dituzun emai­tzen arabera, hobetzen zoaz.

    Nola da hori?
    Argitzeko, normalean 18 zulotara jokatzen da golfean eta zulo horiek izan daitezke par 3, par 4 eta par 5, hau da, pelota hiru kol­petan, lautan edo bostean sartzekoak. Denak batuta, 72 par ateratzen dira, hau da, dena behar bezala eginez gero, 72 kolpe behar dira partida bukatzeko. Orduan, 72 horiei, bakoitzaren handicapa gehitzen zaio. Hasi berri batek, 72+36 izango du. Eta kolpe gutxiago behar badu partida bukatzeko, handicapa hobe­tzen doa. Nik orain, 6,8 daukat eta bigarren mailan na­go. 4,4tik behera, lehenengo maila da. Zerotik beheragokoak ere badaude, 72 kolpe baino gutxiago behar izaten dituztenentzat.

    Gutxi geratzen zaizu lehenengo mailarako, alajaina!
    Egia esan, gustora nago lortu dudan mailarekin, nere adinarekin hasi den batentzat ez dago gaizki. Eta sistema honekin, beste kirol askotan gertatzen ez dena gertatzen da. Maila desberdinekoek elkarrekin joka­tzen dugu eta gertatu daiteke handicap kaxkarragoa duen batek onago batek baino emai­tza  hobeak lortzea, proportzio­an. Norberaren handicaparen arabera da emaitza. Handi­capak berdindu egiten gaitu.
    Gainera, kirol honek ez du fisikoki asko eskatzen. Alde horretatik, edozein adinetan jokatu dezakezu golfean. 7 urtetatik 80 bat urtera artekoak aritzen dira. Eta urte guztian eta mundu guztian dago jokatzeko aukera, arauak berdinak baitira leku guztietan.

    «Zer egin, jokatzen ari naizela txakur batek pelota lekuz aldatzen badu? Arauek, horrelako egoerak ere azaltzen dituzte»

    Azaldu duzunez, alde on asko ditu golfak, baina txarrak izatekotan, garestia dela esan daiteke, ezta?
    Klub pribatu horietan bazkide egin behar bazara, bada dirua, baina gero materiala erosteko orduan, denetarik dago. Eta orokorrean, ez nuke beste kirol asko baino garestiagoa denik esango. Norberaren esku ere ba­dago zenbat gastatu. Pijotzat ere hartzen dute askok, baina nik ez dut horrela bizi. Dene­tarik dago, beste gauzetan bezala.

    Txapelketetan ibiliko zarela pentsatzen dut.
    Torneoak eta txapelketak jokatzen ditugu. Klub bakoi­tzak bere torneoak antolatzen ditu eta gero, federazioek antolatzen dituzten txapelketak daude. Gipuzkoa, Euskadi eta Espainia mailakoak daude. Indibidualak, binakakoak, taldekoak, mixtoak, adinaren araberakoak… modalitate desberdinetakoak izaten dira.
    Hemen, apirila-maiatza inguruan hasiko dira, batez ere, eta iraila aldera bukatu. Egu­raldiak markatzen du. Espai­nian, berriz, urte guztian izaten dira, eta normalean, Andaluzia inguruan jokatzen dira.
    Hala ere, neguan tarteka jokatzen dira batzuk. Azaroa­ren 30ean jokatu genuen azkena. Gipuzkoako elkarte arteko txapelketa izan zen. Eta orain, abenduan, badugu besteren bat.

    Eta zuk zer modalitate nahiago duzu?
    Nik nahiago izaten dut edo hobeto jokatzen dut, normalean, klubaren izenean ari naizenean. Beste ardura bat dudala sentitzen dut, eta saiatzen naiz gehiago ematen. Bakarrik zaudenean agian, amore ere errazago ematen duzu.
    Eta desberdina izaten da bakarka jokatu edo binaka eta taldean. Golf partidak luzeak izaten dira. Lau ordu eta erdi, bost ordu inguru irauten dute. Ez da fisikoa, baina kontzentrazioa behar izaten da. Pentsatu, taktikak, estrategiak, kalkuloak egin... Eta bakarrik ari zarenean, astunagoa egiten da.

    Makil kopuru jakin bat erabili daiteke gehienez. Zuk zenbat dituzu?
    Gehienez, 14 makil eraman daitezke arauen arabera. Eta nik 14 dauzkat. Driver izeneko makilarekin hasten zara. Haundiena da, swing haundia egiteko. Gero, tamaina, luzera eta angelu desberdinetako makilak daude. Aukeratzen joaten zara, behar duzunaren arabera, eta aukera zabala dago. Eta bukaeran, greenean, pat izeneko makila erabiltzen da.

    Eta golfista amorratua izatearekin nahikoa ez, eta arbitro egin zara.
    Golfak arau pila ditu. Kontua da, golf zelai bat oso haundia dela eta bertan edozer gauza gertatu daitekeela. Eta golfean oso gauza kuriosoa gertatzen da: jende pila batek jokatzen du, baina arauak oso jende gutxik dakizki. Nik hori ez dut ulertzen. Musean inor ez litzateke hasiko arauak jakin gabe, ezta? Ba golfean horixe gertatzen da. Eta neri ikasteko gogoa sartu zitzaidan.
    Goiburun hasi ginenean, emakume talde bat osatu genuen eta bertako langile batek entrenatzen gintuen. Jokatzen erakusteaz gain, arauak ere erakusten zizkigun. Gustatu egin zitzaidan eta nere kabuz hasi nintzen. Euskadiko Golf Federakuntzak deialdi bat egin zuen azterketa egiteko eta aprobatu egin nuen. 2010ean izan zen. 12 arbitro gara.

    Eta gero Espainia mailakoa.
    Bai, orain dela urtebete eskas, Espainia mailako titulua atera nuen, iazko azaroaren 22an, hain zuzen. 120 bat gaude denera eta 20 bat izango gara emakumeak, estatu osoan. Euskal Herritik, berriz, orain­txe aktibo dagoen bakarra ni naiz. Internazionala ere aterako nuke gustora, baina ingelesa menperatu behar dut horretarako. Hasi nintzen, baina oso zaila egiten zait. Eta pena da, orokorrean, ez dagoela gazterik erreleboa hartzeko arbitro gisa.

    Beraz, erkidegoko eta estatuko partidak arbitratzeko aukera duzu. Zenbat arbitratu dituzu orain arte?
    4 urte hauetan, hemen, 40 bat arbitratuko nituen eta estatu mailan, bakarra. Irailean, Baso­zabalen bertan. Kluben arteko txapelketa izan zen, gizonezkoena. Esan bezala, Andaluzian jokatzen dira gehienak eta beti inguruko norbait mugituarazten dute. Eta berria naizenez, ingurukoak tokatuko zaizkit seguruena. Ea deitzen duten!

    Golfean arau asko daudela esan duzu.
    34 arau daude eta arau bakoi­tzarekin, erabakiak daude. Horiek ere ikasi behar dira. Adibidez: Zer egin pelota uretara erortzen bada leku batean eta urak beste leku batera mugi­tzen badu? Non jarri behar da pelota? Eta jokatzen ari naizela txakur batek pelota hartzen badu eta beste leku batera mugitzen badu? Horrelako gauzak gertatu dira eta kasu bakoitzaren aurrean zer egin behar den azaltzen dute arauek eta erabakiek. Ez da erraza. Hala ere, normalean betiko kontuak izaten dira. Neri ez zait ezer berezirik tokatu oraindik.

    Orokorrean, arbitro lana ez da erraza izaten. Egoera zailik tokatu zaizu?
    Ba aipatzeko moduko bat bai. Basozabalen, gainera. Basoza­baleko presidente izan zena kanporatu nuen. Nahiko sonatua izan zen. Kontua da, askok aplikazio bat erabiltzen dutela distantziak eta jakiteko. Ez bada aurkakoa esaten, erabil­tzeko aukera izaten da. Basoza­balek uzten du, berez. Txapel­ke­ta hartan, ordea, ezin zen erabili eta arauetan jarrita zegoen, baina bera ez zen konturatu eta horixe izan zen emaitza. Oso biolentoa izan zen, baina jarrera ona azaldu zuen.
    Egia esan, ez da erraza arbitro izatea. Arauak jakitea gauza bat da, baina arbitratzea beste bat. Errespetua izan behar zaio jokalariari. Garrantzitsua da ze jarrerarekin zoazen.

    Eta eguneratu ere egin beharko zarete, ezta?
    Arauak lau urteka berritzen dira. Gehienak mantendu egiten dira, baina batzuk kendu, aldatu edo egokitu egiten dituzte. Orain nik 2012-2015 bitartekoak ikasi ditut. Aurrera begira, norbera joan behar da eguneratzen. Eraba­kiak berriz, 2 urtetik behin berritzen dira.
    Baina ez zait asko kosta­tzen. Egia esan, egunero begiratzen dut arauen liburua eta golfeko arauen inguruko foroetan ere aritzen naiz. Norma­lean gertatzen ez diren egoerak proposatzen ditugu eta bakoitzak bere iritzia ematen du; bere interpretazioa. Arbi­tro­­ak izaten gara normalean. Bai, friki xamarrak gara!

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • Emakumea lan bila, garbiketan, helduak zaintzen...

    Telefonoa: 609209161