2019/01/18
  • Paola Sangalli, ikastaro batean.
    Paola Sangalli, ikastaro batean.
  • elkarrizketa//DSS 2016 - HIDROLOGIKAK - PAOLA SANGALLI

    «Dragatzea ez da eraginkorra; erreka, oreka berreskuratu nahian, lehengora bueltatzen da»

  • ‘Hidrologikak’ jardunaldietan, Urumea ezagutzeko bioingenieritza tailerrak, hitzaldiak eta ibilaldia antolatu dira hilaren 13tik 17ra. Izenematea irekita dago: ‘www.aeip.org.es’.

  • ASTIGARRAGA
    2016/09/10 00:00 Larunbata
  • Paola Sangalli EFIBeko (Bio­tek­nologia eta Bioekonomia In­dustrien Europako Foroa) le­hen­dakaria da, eta AEIPko (Paisaia Ingeniaritzarako Es­pai­niako Elkartea) kide. 
    Hidrologikak, Ibaitik Badia­ra proiektuaren bultzatzaileetako bat izan da, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin batean, eta horren baitan, jardunaldi ba­tzuk antolatu dira Astiga­rra­gan, datorren astean. Besteak beste, hitzaldiak, ibilaldiak eta bioingeniaritza tailerrak egingo dira; azken hauek debalde, eta horietako batean, Oianu­meko ubidean hezegune bat eraikiko da, URA Agentziaren, Astigarragako Udalaren eta Donostiako Kul­tur Hiribu­rutzaren elkarlanari esker. Herritarrei parte hartzeko deia zabaldu diete.

    Jardunaldi hauen barruan, errekak berreskuratzeaz, lehengora ekartzeaz hitz egiten duzue. Zergatik?
    Errekek, ibaiek, haien funtzionamendu naturala galdu dute. Geologiak, morfologiak, klimak... Denak dauka eragina ibaietan. Ibaiek etengabe al­datzen dute funtzionatzeko du­ten era, eta urbanizatzeko garaian, hirigintza planak egitean, ez dira errekak kontuan hartu. Ur kanal soilak balira bezala tratatu izan ditugu; 30 edo 40ko hamarkadetan eraikinak egin direnean, paretak altxa dira, eta errekek aldaketak izatean, arazoak sortu dira: uholdeak, erosioa... Ikuskera integratua, guztia kontuan hartuko duena falta da; are gehiago gaur egun, aldaketa klimatikoaren eraginez eta populazio hazkundearen eraginez, arriskuga­rri­tasuna haunditu baitugu. Egun, uholdeak gertatzen direnean, bizitokiak edota poligonoak hartzen ditu urak.

    Errekak dragatzea eskatzen dute askotan, herritarrek. Gomendagarria da?
    Herrialde batzuetan debekatu egin da. Salbuespen kasuetan egiten da. Izan ere, dragatzean sedimentuak kentzen dira, eta errekak, oreka berreskuratu nahian, erosioa eragiten du, berriro ere sedimentuak sortuz eta lehengo tokian pilatuz. Gainera, dragatzean, bertako elementu biziak ere deuseztatu egiten dira. Ziklo bat da, dena dago lotuta eta orekan. Batzuetan beharrezkoa bihur­tzen da dragatzea, baina ikusi da ez dela oso metodo eraginkorra, eta ibai-ekosistemari eragiten diola. Arazoa da ezagutza falta, urbanizazio arazoaz gain.

    «Modu integratuan kudeatu behar dira errekak».

    Orduan, nola konpondu daiteke Urumeak daukan arazoa?
    Urumeak daukan arazoa da urbanizatze lanak ikaragarri hazi direla azken 15 urteetan, eta urak tokiren batetik atera beharra dauka. Arrisku maila haunditu dugu. Batzuek landaredia kentzea proposatzen dute, baina ez da hain sinplea. Kon­ponbidea zein den? Ka­na­li­zazioak egiteari uztea, eta orain artekoak deuseztatzea!  

    Ezjakintasuna eta ikuskera integratuaren falta aipatu dituzu. Horiei aurre egitea da jardunaldi hauen helburua?
    Erreka, elementu asko dauzkan ekosistema bat da, eta arro moduan kudeatu beharko litzateke, modu integratuan. URA agentzia saiatzen da ho­rretan, baina administrazioetan banatuta daude ardurak, eta bakoitza bere zatiaz bakarrik arduratzen da. Baldintza egokietan mantendu ahal izateko, kudeaketa globala behar duen baliabidea da erreka. Ezjakintasuna haundia da erreken funtzionamenduen inguruan, uholdeen zergatien inguruan... Horregatik antolatu ditugu jardunaldiak.

    Bioingenieritza tailerrak, hitzaldia eta irteerak antolatu dituzue, hain justu. Zer egin ahal izango da?
    Bioingenieritza tailer teknikoan, Paolo Cornelinik azalduko ditu Urumea ibaiak Astiga­rra­gatik pasatzean sortzen dituen arazoak. Eremuaren analisia egin eta hidraulika azalduko du, eta uraren arazketa sistema tradizionalak eta naturalak ezagutzera emango ditu: landareek, bestelako hainbat materialekin, lurra eusteko ahalmen haundia dute, eta horrela, erosioak finkatu eta hainbat espezie berreskuratu ditzakegu. Errekari ezaugarri eta funtzionatzeko era naturalak bueltatzen dizkiogu. Ho­nekin lotuta, tailer praktikoa egingo dugu: Astigarragako Oianumeko ubidean hezegune bat sortuko dugu, ura araztu eta ura pilatzeko ahalmena haunditzeko.
    Hitzaldietan, berriz, Uru­mea ibaiaren ezaugarriak ezagutzera emango ditugu. Le­he­nago, Goizuetan, errekaren goi-ibilgua ezagutu genuen, eta Hernanin, erdi-ibilgua: nola sartzen den ibaia hiriarekin harremanetan, nola mu­gi­tzen den.... Astigarragan, erre­ka­ren behe-ibilguan sartuko gara: dagoeneko indar gutxiago izaten du urak, eta ez du erosionatzen, baizik eta, sedi­men­tatu egiten du. Bertan, lurrak oso aberatsak direla ikusiko dugu, eta lautadan baratzetarako aproposak direla.
    Bukatzeko, ibilaldian, Goi­zueta, Hernani eta Astigarraga bisitatuko ditugu, autobusean, eta errekaren zati desberdinak ezagutuko ditugu. Eta festa gastronomiko ederrarekin bukatuko dugu, Irizar eskolako sukaldariei esker! 

    EGITARAUA
    Tailer praktikoa: irailaren 13 eta 16an, 09:30-13:30 eta irailaren 14 eta 15ean, 15:00-19:00. Hezegunea eraikitzea Oianumeko ubidean, Albert Sorolla, Paola Sangalli eta Paolo Cornelini adituekin. Izenematea, debalde: www.aeip.org.es.
    Tailer teknikoa: irailaren 14 eta 15ean, 09:30-13:30 Arrobitxuloko aretoan. Izenematea, debalde: www.aeip.org.es.
    Hitzaldia: Ibaia eta uholde lautada. Irailaren 14an, 19:00etan Astigarragako Herri Eskolan. 
    Ibilaldia: iraiaren 17an. Goizueta, Her­nani eta Astigarragan barrena Uru­mea ibaia ezagutuz, bertako gastronomia dastatuz eta gune turistikoak bisitatuz. Izenematea, 12 €: www.aeip.org.es.

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Tailer mekanikoa salgai Hernanin. Lizentziak indarrean ditu eta makineria guztia prest. Bezero kartera haundia eta errentagarritasun frogagarria.

    Telefonoa: 656709251


  • Esperientziadun andreak lan egingo luke adinekoak zaindu edota lagun egiten eta garbitasunean. Ordutegia: 11:30-17:00.

    Telefonoa: 654122548


  • Taxi lizentzia salgai Hernanin, jubilazioagatik.

    Telefonoa: 670012987


  • Pisu bat erosiko nuke, Kaxkoan edo inguruan, igogailuarekin.

    Telefonoa: 664554437


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • Emakumea pertsona helduak egunez edo gauez zaintzeko pronto. Esperiantziaduna eta erreferentziekin.

    Telefonoa: 697866442