2018/10/22
  • Maddalen Laburuk Hernanikoa zuen aitona.
    Maddalen Laburuk Hernanikoa zuen aitona.
  • albistea//MEMORIA HISTORIKOA MADDALEN LABURU REZOLA

    «Frankismoan benetan gertatu zena islatuko duen errelato bat behar da»

  • Astigarragako memoria historikoa, Gerra Zibilari eta Frankismoaren garaian gertatutakoa, ikertzeko beka jaso du Maddalen Laburu Rezolak. Herritarren testigantzak izango ditu iturri nagusia: «askotan, entzun ere ez zaie egin». Horregatik, zerbait bizitu, ezagutu edota entzun dutenei, udaletxera deitzeko eskatu die: 943 33 50 64.

  • ASTIGARRAGA
    2018/10/06 00:00 Larunbata
  • Beka jaso duzu, Gerra Zibileko eta Frankismoko memoria historikoa ikertzeko. Nolatan aurkeztu zinen?
    Historia ikasi nuen lau urtez, gradua; baina horrelako lanik ez dut egin orain arte. Historia irakaslea naiz orain, baina iker­keta lanik ez dut inoiz egin. Eta Astigarragako lagun batek, bera ere historia ikasitakoa, eman zi­dan beka deialdiaren berri, eta ea ez al nintzen animatuko aurkeztera. Eta bai, gai honek beti piztu izan dit interesa. 

    Garai horietako kontuak entzunda izango dituzu.
    Bai, etxean entzun izan ditut istorioak, batez ere aitonaren ahotik. Hernaniarra zen bera, eta zaletasuna zeukan horrelako kontuak kontatzeko. Gerra garaian 12 urte zeuzkan, eta be­raz, burua frexko zeukan da­goeneko. Kontatzen zuen, nola zijoan xexterarekin Hernaniko udaletxe atzetik, eta halako ba­tean bonbardaketak hasi zirela eta ez zekiela zer gertatzen zen; baten batek oihukatu ziola zertan ari zen han eta babesteko, eta ezkutuan jarri zela. Horre­la­ko kontuak ziren. Urtebete ere pasa zuen kartzelan. Hala ere, aitona duela 10 urte hil zen, ni gaztea nintzela, eta beraz, galdera zehatzik ez nion egiten garai haietaz. Amonari galde­tzen diot orain, baina bera erre­serbatuagoa da, ixilagoa, eta ez du gauza askorik kontatzen.

    Akaso, esan ziotelako hori ez zela emakumeen kontua edo. Beraz, Frankismoaren aurreneko urte haietaz gauza askorik ez dut jaso; gerora bai, gurasoek kontatuta, miliaren kontu­ak eta. Eta etxetik kanpo ere, he­rriko kontuak entzuten dituzu; hura horrela hil zuten, bes­te hari ez dakit zer gertatu zitza­ion… Liburuetan ez da ezer ager­tzen idatzita, baina badirudi pixkanaka ari dela azaleratzen zerbait. Zurrumurruak ez zirela kondaira hutsa, alegia.

    Nola planteatuko duzu gaia?
    Informazio askorik ez dago ho­rren inguruan, eta beraz, aurre­nekoa da dena biltzea. Proiek­tu­an aurkeztu nuen, sektore zapalduen testigantzak azaleratzeko asmoa. Liburuetan beti azaltzen dira militarren gorabeherak, fusilatuak eta horrelako kontuak. Baina ume exilia­tuak, haurrak hartuta Fran­tzia­ra edo Bartzelonara joan zi­ren emakumeen istorioak eta horrelakoak ez dira jasotzen. Eta horietara iristea da nire asmoa. Hala ere, pixkana­ka ikusiko dugu, egiten noan heinean joango naiz josten; ideiak badauzkat, baina ez dakit ho­riek gauzatzea posible izango ote den.

    Zergatik da garrantzitsua, zerbait bizitu, ezagutu edota entzun dutenek kontatzea?
    Erregistro zibilean, liburuetan edota artxiboetan, askotan ez dira agertzen pertsona horien sentimenduak eta bizipenak. Eta jasota ez dagoen historiaren zati hori aditzera emateaz gain, beraiek ere aukeraketa bat egiten dute: zer izan zen ga­rran­tzitsua beraientzat, ze­re­kin su­fri­tu zuten, zer izan zen traumatikoa… Edo juxtu kontrakoa izan daiteke: asko umeak ziren garai hartan, eta kontatzen di­zu­te ume askorekin elkartu zi­rela eta ondo pasatzen zutela. Testi­gan­tzak beste aspektu ba­tzuk eskaintzen dizkizu.

    Ikerketak gehiago erakutsiko du gero, baina hasi aurretik… Nolakoak izan ziren Gerra Zibila eta Frankismoa Astigarragan?
    Gerra Zibila, berez, oso hilabete gutxitan egon zen Gipuzkoan. Baina gerora, batallak bukatuta sortu zen errepresioa, hori bai izan zela benetako sufrimendua herriarentzako. Hildakoak eta bonbardaketak bai, baina on­dorengo errepresioa gogorra­goa izan zen. Jendeak ihes egin behar izatea, alderdi politikorik ez zegoenez herritarrak ordezkaritzarik gabe geratzea, isunak, euskeraren kontrako debeku­ak, arrazionamendu kartillak… Ho­rrek guztiak egoera erabat okertu zien herritarrei. Eus­kaldun bezala, berez nahikoa matxakatzen bazituzten ordura arte, hortik aurrera gehiago. Emakumeen kasuan berdin, ordura arteko lorpenak atzera bota zituzten: boto eskubidea, dibortzioa… Errepublikan lortutako garaipen txiki horiek ezin izan zituzten errotu.

    Frankismoaren aurreneko urte haietan zentratu nahi dut bereziki, baina zailena ere hori da; artxibo militarrak itxita ego­ten dira, eta dokumentazioa lortzeko, garai hori da konplikatuena. Errepresio haundiena garai horretan izan zen, 1945 edo 1950era arte. Hortik aurrera lasaitzen hasi ziren pixkanaka, eta beraiek ere konta­tzen dute hori testigantzetan.

    Zenbat astigartar egon daitezke garai haiek bizitakoak?
    Badaukat zerrenda bat, eta ez dira gutxi; baina noski, batzuk oso txikiak ziren orduan, eta ezin dira ezertaz gogoratu. 1928an edo lehenago jaiotakoak, esaterako, 42 dira. Horiek gogoratu daitezke beraiek bizitu zutenaz. Baina gainerako testigantzak ere bildu nahi ditut. Gaur egun Astigarragan bizi diren asko, Hernanikoak edo ingurukoak izango dira, baina herrira bizi­tzera etortzean, ziur entzungo zituztela istorioak. Edozeinek eduki dezake zerbait kontatzeko: kartzelan egon ziren horiek, isunen bat jaso zutenak, hildakoren bat izan zutenak edo haien bizilagunak, zerbait entzunda daukatenak, ondorengoak… Emakumeek be­reziki, sentsazioa izaten dute ez daukatela ezer kontatzeko eta aportatzeko. Beraiek ez zu­tela paperik jokatu guzti horretan. Baina uste dutena baino askoz ere gehiago egin zuten, frontean aritu edo alderdi politiko batean afiliatu gabe ere. Alargun geratuta, haurrarekin eta inoren laguntzarik gabe aurrera aterata, edota herritik alde egin behar izanda, asko daukate kontatzeko.

    Garrantzitsua da, gaur egun ezagutzea zer gertatu zen orduan, ezta?
    Bai noski. Eta batez ere, nola ger­tatu zen. Guztiok dakigu li­bu­ruetan zer agertu den orain arte, zer ikasi duten beraiek ere eskolan. Eta bizitu zutenek, min hori daukate. Beraz, ga­rran­tzitsua da behingoz azaltzea zer gertatu zen benetan, onar­tzea hori gertatu zela tapatu gabe, eta ez esatea pasa zena pasata dago, orain dioten be­za­­la. Interesatzen zaiena bakarrik mugitzen dute. Ofizialki erre­gistratuta dauden hildakoak, benetako datuak baino askoz ere gutxiago dira. Nafarroan, esaterako, 1.000 hildako inguru ziren bando irabazleak ofizialki erregistratu zituenak, eta ondorengo ikerketek ziurtatu dute 3.000 inguru izan zirela. Eta hori dena azaleratu behar da; benetan gertatu zena islatuko duen errelato bat. Asko­tan, entzun ere ez zaie egin.

    Ikerketa osatuta, nola emango duzu argitara lana?
    Beka sei hilabeterako da, eta otsailera arte daukat hori bu­ru­tzeko. Horri buruzko liburu bat argitaratzeko, hiru urte be­har dira gutxienez. Horregatik, dokumental moduko bat osatu nahi dut, ordu erdikoa edo, testigantzak jasota. Gainera, liburua jende gutxiagorengana iri­tsi­ko litzateke; errazagoa da do­kumental bat ikustea. Beraz, elkarrizketak egin, eta ikusteko interesgarria izango den ikusentzunezko bat osatu nahi dut. Helburua ez da konta­tzea nola sartu ziren tropak Santio­men­din, adibidez; hori guztia dokumentatuta dago. Elkarrizketak interesatzen zaizkit gehiago, jendeak nola bizitu zuen. 

Iragarki merkeak

  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894