2017/10/23
  • Jon Garaño zuzendari astigartarra Moriarti ekoiztetxeak Pasaian duen bulegoan.
    Jon Garaño zuzendari astigartarra Moriarti ekoiztetxeak Pasaian duen bulegoan.
  • albistea//JON GARAÑO

    «‘Handia’n, munduan ­bizitzen ari ziren aldaketak irudikatzen dituzte bi anaiek»

  • Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da Jon Garaño zuzendari astigartarrak, Aitor Arregirekin batera, Altzoko Handiari buruz zuzendu duen pelikula. Bertan munduan eta Euskal Herrian ere bai bizi­tzen ari diren aldaketak ikusiko dira pertsonaien bizitzaren bitartez. 

  • ASTIGARRAGA
    2017/09/23 00:00 Larunbata
  • HANDIA pelikula Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatu aurretik ere haundia egin da. Denen ahotan dabil bolo bolo eta zuzendarietako bat aski ezagun den Jon Garaño astigartarra da. Handia filma 1836 urtean hasten da, Gerra Karlista puri-purian da­go­enean. Migel Joakin Eleizegi ‘Altzoko Handia’ 1818 urtean jaio zen. 

    «Datorren urtean beteko dira 200 urte jaio zela» dio Garañok. Eta nahi izan dute pelikula kontestu horretan jartzea. «Ez da Altzoko Handiaren filma. Anaien arteko erlazioa da eta bakoitzak zer irudikatzen edo ordezkatzen duen. Gauza askori buruz hitzegin nahi genuen eta horretarako aitzakia eman digu pertsonaiak. Garai horretan mun­du berria eta mundu zaharra­ren arteko talka dago. Mundu guztian zehar gertatzen da eta gurean konkretuki Gerra Karlista da horren islada. Mundu zaharreko kodigo asko alboratzen dira eta aldaketa hasten da modu bortitzagoan Frantziako Iraultza eta gero. Lehen Karlistada da horren eztanda. Baserri giroa betirako aldatzen hasiko da. Jendeak beste erabateko diru iturriak bilatuko ditu, negozio berriekin. Hor, batzuk mantendu nahiko dute ordurarteko bizitza mota eta beste batzuk aldatu nahiko dute. Filman hori bi anaiek ordezkatzen dute». 
    Altzoko Handia bera baino protagonismo gehiago du pelikulan zehar bere anai Martinek. Anaiaren bitartez saretzen da historia.  

    «Pertsonai bat dago momenturo hazten, aldatzen eta nahiko luke hori gelditu aurretik zen bezala mantendu, baino ezin du. Joakinek ordezkatuko luke hori, tradizioa.  Besteak ordea nahi du aldatu, dauka helburu bat, ilusio bat, baino geratuta, estankatuta dago. Eta mugitu ezin duen esku horrek irudika­tzen du. Bere anaia Martin da». «Bi indar horiek gauza berdinaren zatiak dira. Desberdinak dira, batak bestean eragina du eta era berean elkarren osagarri dira. Gauza beraren parte dira, garaiaren parte...».

     

    Altzoko Handiaren inguruan sortu diren kondairak
    Zein zen Migel Joakin Eleizegi? Garaño eta Arregi hori erantzuten saiatu dira, baina kontutan hartu behar da pelikulako gertakari asko eta asko benetakoak direla, baina badaude asmatutakoak «konstrukzio bat egiten ari bait gera eta dramatikoki indarra emateko aspektu batzuri», bere inguruan sortu diren kondaira asko bezala, gaur egun arte iritsi direnak Garañoren esanetan.  

    «Batzuk diote gizon oso proportzionatua zela, dotorea, indartsua... beste batzuk ordea adimen-urritasuna zuela eta animali bat izango balitz bezala erabiltzen zutela alde batetik bestera. Kontrajarriak dauden bi ikuspegi dira. Eta badira oraindik ere, pertsonai mitologiko bat dela esaten dutenak. Azken egunetan bertan esan digute pertsonaia mitologiko bezala asko gustatzen zaiela; Basajaun eta beste pertsonaien moduan. Eta gogoratu behar zaie Altzoko Handia ez dela per­tsonai mitologikoa, benetakoa, existitu zela baizik. Azkenean pertsonaien deformazioa gertatzen da. Erreal jaiotzen dira eta mito bihurtzen dira. Jen­dearen proiekzioak ikusi dai­tezke. Benetan zer zen eta nola iritsi zaigun».

    Migel Joakin Eleizegi modu batean saldu behar zen produktu bat zen, Jon Garañoren hitzetan. «eta hobeto saltzeko zena baino haundiago zela, jaten zuena baino gehiago jaten zuela eta edaten zuena baino gehiago edaten zuela esatea zen. Egiten ziren errepresentazioetan zena baino haundiago irudikatzen zuten. Eta hor hasieratik beste deformazio bat dago». 

    Handiaren lan taldeak ez ditu hainbeste gauza idatzita aurkitu eta benetakoa zen edo ez ere galdetu diete euren buruari, jakinda erreala zela. «Imaz bertsolaria Joakin baino hamar urte zaharragoa zen, herri berdinekoa eta ez zaizkigu iritsi bere bertsorik Altzoko Handiari buruz. Prentsan ager­tzen dira albisteak eta iragarkiak». Eleizegi sendia erren­tan bizi zen baserrian eta Handia oso erlijiosoa zen gainera. «Bidaiatzen zuenean bere kontratuetan ipintzen zuen astean behin mezetara joango zela». Pelikulan agertzen diren pertsonaiak ere benetakoak dira. 

     

    Izenarekin bueltaka
    Proiektuak hasieratik du historia luzea eta bitxia eta Jon Garaño bera da kasu honetan protagonista nagusienetako bat. «Txikitan, ikastolarekin, San Telmo Museora joan ginen eta bertan Altzoko Handiaren zapatak, kapela eta grabatu bat daude. Niri oso deigarria egin zitzaidan eta beti izan dut gogoan. Urteak pasa eta gero eta zinearen mundu honetan murgilduta, beti esaten nuen Altzoko Handiaren inguruan pelikula bat egin nahi nuela. Nire bazkideei, egia esan, ez zien ideiak asko konbentzi­tzen. Baino, kasualitatez eta zorionez Andoni de Carlosen gidoi bat iritsi zen Irusoin produktorara eta berarekin elkartu ginen. Lehen pausoa An­do­nik eman zuen nahiz eta nik buruan eduki ideia. Bere lehendabiziko ideia animaziozko pelikula egitea zen, umeentzako, baino bildu eta gero lehen bertsio bat idatzi zuen irudi errealeko pelikula bat egiteko. Gero sartu ginen gidoi lanetan Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi eta ni». 

    Eta garai horretatik dator eduki duen lehenengo ika-mika, izenarena, filmak. Andoni De Carlosen lanean beti agertzen zen Aundiya izena, baina egia esan gure proiektu guztietan murgilduta egon garenean izena bigarren maila batean utzi dugu. Loreak ere filmazioan Loreak errepidean zen eta 80 egunean, Axun eta Maite. Kasu honetan ere  ez genion garrantzirik eman. Medioek inoiz baino kasu gehiago egin digute. Izena guk kontrolatu gabe zabaltzen joan da. Jende askok esaten zigun ez zela egokia. Gure artean ba­tzuk mantentzearen aldekoak ziren eta beste batzuk ez. Azkenean erabaki genuen alda­tzea eta Handia jartzea. Gero bakoitzak bere erara esango du eta pelikulan bertan ere horrela gertatzen da».

    Garai hartan nola esaten zen ez omen dakigu dio Garañok. «Imaz, Altzoko ber-tsolaria, garai horretakoa da eta bere idatzietan ez du inoiz haundie jartzen. Agian hizkuntza prestigiatzeko aldatzen zuen. Bere testuetan aundia edo aundiya agertzen da esaterako eta ez haundie, gaur egun Altzon esaten den bezala». 


    Akromegaliarekin 2,42 metro neurtzen zuen bere azken neurketan
    Altzoko Handiak akromegalia gaixotasuna zuen. «Ez zuen erraldoitasuna. Akromegalia dutenak altuera normala dute, baina bapatean gaixorik jarri eta etengabe hazten dira. Altzoko Handiari herriko elizan markak egiten zizkioten ikusteko zenbat hazten zen. Bere azkenengo marka 2 metro eta 42 zentimetro izan zen. 20 urterekin larri gaixotu ondoren, hiltzeko zorian egon, gero sendatu eta hazten hasi zen etengabe. Erraldoitasuna dutenek jaiotzetik dira haundiak eta hazteari uzten diote. Gaur egun munduko altuenak direnak akromegalia gaixotasuna dute» dio Jon Garañok.

    Behin pelikula ikusi eta gero gustatuko litzaioke Garañori jendeari pizten bazaio Altzoko Han­diaren bizitzarekiko jakin-mina eta ikertu dezan bere bi­zitza. «Adibidez jakina da Por­tugaleko eta Frantziako erre­geare­­kin eta Ingalaterrako Vic­to­ria erreginarekin bildu zela  eta hori gertatu ahal izateko Espainiako erregetzaren bitartekaritza beharrezkoa zen».
    Ez hori bakarrik eliteko klubetan ere egon zen eta Lon­dreseko Cosmorama erakusketan ere bai. «Munduko gauz berezienak erakusten zituzten Londresen. Eliteko lekuak ziren, baino era berean mugitzen ziren leku herrikoietan».

    XIX. mendeko pertsona arrunta, adibidez baserritar bat, bizi zen baserriaren ondoan 15kmko inguruan. Hortik ez zen mugitzen bere bizitza osoan. «Eleizegi familia aurkituko da egoera batean non ezagutuko duten garaiko mundua zentzu zabalenean. Hor ezagutuko dute mota guztietako per­tsonai eta klase desberdinetako jendea. Eta hori ere erakutsi nahi dugu pelikulan». 

     

    «Munduko garrantzitsuenetakoa da Zinemaldia eta ez gara konturatzen»

    Zinemaldiko Sail Ofizialean bigarren aldiz lehiatuko da Garañok zuzendu duen pelikula bat. Askotan esan duen bezala %100ean da astigartarra eta donostiarra ere bai. Horrexegatik ere oso berezia da beretzako. 

    «Hasteko izugarrizko poza da. Zinemaldia estima haundian dut. Gazte­tatik egon naiz pelikulak ikusten epaimahaikide gazte bezela, mila pelikula ikusi ditut bertan eta nire hezkuntza zi­nema­tografikoa Zinemaldian jaiotzen da. Zinea beti gustatu izan zait, baina bapatean bertan deskubritzen dut beste erabateko zinea. Lagun askori aspergarri egiten zitzaion zinea niri erakargarria egiten zait. Hori Zinemaldiak eman zidan». 

    Zuzendari bateri suposa­tzen diona ere kontutan har­tzen du Garañok. «Zinea egiten hasten zarenean zure ametsetako bat da Donostiako Zinemal­dian parte hartzea eta Loreak­ekin, lehiaketan parte hartu genuenean, niretzako sabaia ukitzea izan zen. Ondoren etorri ziren Goya sarietara nominatuta egotea edo Oscar sarietarako borrokan egotea, baina Zinemal­diko lehenengo kolpea izan zen oso oso inportantea nire­tzako. Aspektu pertsonal emozional hori hor dago».

    Zuzendari astigartarrak dio bertakoak izanik askotan ez dugula balioan jartzen duen garrantzia. «Ez da ahaztu behar munduan dagoen Zinemaldirik garrantzitsuenetakoa dela. Jen­de askok nahi luke gu gauden lekuan egotea».

    Alderdi profesionaletik begiratuta Sail Ofizialean egoteak beste pausu bat suposatzen du bere ustetan. «Hasteko munduko kritikari eta kazetariak behartzen dituzu zure pelikula ikustera. Eta gero ongi badoa oso indartuta ateratzen da». 

    Horri esker egin zuen Loreak-ek egin zuen ibilbidea. «Gu oso eskertuta gaude. Eta dena Donostiako Zinemaldian hasi zen. Handia pelikula desberdina da, behar bada badaude gureak diren ezaugarri batzuk, eta egin dezaketen ibilbidea desberdina izan daiteke. Hasi, berdin hasten dira. 

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Garajea salgai Atsegindegin. 22 m2 ditu.

    Telefonoa: 617723427


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • Hernaniko jatetxea batean eskualdeko neska gazte bat behar dugu astelehenetik ostiralera 13:00etatik 16:00etara mahaiak zerbizatzeko.

    Telefonoa: 669474385


  • ETXEKO KONPONKETAK egiten dira; iturgintza, elektrizitatea, pintura, berogailuak, persianak... Seriotasuna.

    Telefonoa: 616886660