2019/01/18
  • Boskote bat dabil talde motor lanetan, Goizuetan.
    Boskote bat dabil talde motor lanetan, Goizuetan.
  • elkarrizketa//GURE ESKU DAGO

    «Ekainaren 18a mundiala izanen da!»

  • 1.423 sinadura lortu zituen Mendialdeko Gure Esku Dago elkarteak, aurreikusitako helburua bikoiztuta. Hortaz, herri galdeketa eginen dute ekainaren 18an, Aranon, Goizuetan, Leitzan, Areson, Lekunberrin, Larraunen, Betelun eta Araitzen. Hori prestatzeko lanean murgilduta dabiltza orain: «garrantzitsuena da, norberak hausnarketa egitea, ekainera bitarte», adierazi dute Arano eta Goizuetako lan taldeek.

  • ARANO GOIZUETA
    2017/04/22 00:00 Larunbata
  • Abenduaren 17an ekin zenioten sinadura bilketari eta bi hilabetetan helburua bikoiztea lortu duzue.
    Bai. Abenduaren 17an Lekun­berrin egin genuen elkartearen aurkezpena, eta egun horretan bertan hasi ginen sinadurak biltzen. Guztira, 1.423 herritarren babesa lortu dugu Mendi­aldean, eta herri askotan behar genuen gutxieneko kopurua bikoiztu egin da. 16 urtetik gorako biztanleen %10aren sina­­durak behar genituen Leitzan eta Lekunberrin, eta %15 gainontzeko udalerrietan. Herriz herri egindako kanpainaren ondoren, Goizuetan 240 sinadura lortu ditugu (zentsoaren %37,6) eta Aranon 44 sinadura (zentsoaren %45,8).

    Pozteko moduko emaitzak...
    Bai, zenbait herritan ez zaigu erraza egin jendearengana iristea, askok ez zutelako ekimena gehiegi ezagutzen; baina egindako lanaren ondoren, lortu dugu orain arte ekimenarekin harremanik izan ez duen jendea, edo gehiegi hurbildu ez den jendea, mugiaraztea eta elkartzea. Hori pozgarria da noski! Hala ere, sinaduren bitartez babesa eman duten horiek guztiak eta askoz gehiago, ekainaren 18an herri galdeketaren mahaira hurbiltzea lortu beharra daukagu, eta lan haundia dugu oraindik egiteke.

    Eta hurrengo pausua zein izanen da?
    Egun horretan erantzun beharreko galdera zehazten gabiltza orain. Zortzi udalerri elkartu garen arren, eta elkarrekin lanean gabiltzan arren, herriz herriko taldetxoekin ari gara dena antolatzen. Ekimen ho­nen oinarrian herritarrak egon behar dutela uste dugu, bera­iek dira prozesu guzti honen protagonistak, eta ondorioz, beraiek dira, baita ere, prozesu honetan emango ditugun pauso bakoitzaren partaideak. Horregatik, herriz herriko ekimeneko kideen laguntzaz, zenbait herritarrekin elkartzen ari gara, galdera hori zehazteko aukera ezberdinak aztertzen. Gero, udalerri bakoitzean ateratako aukeren artean hartuko da azken erabakia. Asmoa da, apirilean prozesu hau ixtea.

    Galdera modu batera edo bestera egin, herritarrei euren herriaren etorkizuna erabakitzeko aukera emanen zaie, ezta?
    Bai, eta norberak askatasun osoz emanen du bere erantzuna. Gainera, bere boza sekretupekoa izanen da. Protokolo zorrotza jarraituko dugu bozketa behar bezala bideratzeko. Orain arte, herritarrok ez dugu gure herriaren etorkizunaz demokratikoki erabakitzeko aukerarik izan, eta gainera, horretarako eskubiderik ez dugula sinestarazi nahi izan digute. Nafarrok, lehenengo aldiz, bai, historian lehenengo aldiz, izanen dugu gure estatusari buruz erabakitzeko aukera, eta hiru eskualde haundi (Sakana eta Bortziriak dira besteak) izanen gara aitzindari, egun berean eginez. Horrek duen balioaz ohartu behar gara. Garrantzitsuena da, norberak bere hausnarketa egitea, he­men­dik ekainera bitarte.  

    Goizuetan, zenbat lagun zabiltzate lanean? Zer moduz ari zarete moldatzen?
    Lantaldean bost lagun aritzen gara, talde motor bezala, eta horietatik hiru Mendialdeako bileretara joaten dira. Dena den, herritar sare zabala osatua daukagu, lan eta ardura desberdinetako laguntza ematen diguten herritarrekin. Ho­rrela jostun hauetako bakoi­tzak bere esparrutik eta ahal duen neurrian laguntzen du.  
    Orain arte nahiko ongi moldatu gara, baina datozen asteotan laguntza gehiago beharko dugu, ekainaren 18a berehala ailegatuko baita.

    Eta Aranon?
    Aranon egun eta ekintza puntualetarako elkartu izan gara orain arte. Martxoaren 18an, adibidez, egun osoko egitaraua prestatu genuen, eta herritar askok parte zuen bertan. He­rriko gazte eta helduxeagoen arteko futbol partidua jokatu genuen, pilota partiduak ere izan genituen, herriko gazte­txoek abestu zuten, giza katea ere egin genuen, eta Gure Esku Dagoko Lierni Olmedo eta La­rraitz Zubeldiak Herri Galde­ke­ten inguruko gure zalantzak argitu zituzten. Herri afari ederra ere egin genuen, eta afalondorena, herriko argazkilarien argazkien enkante batekin alaitu genuen, Ainhoa eta Maider Ansaren doinuekin go­xatuta. Halako egunak herritarrak ekainaren 18rako girotu eta animatzeko ongi etortzen dira.

    Zein ekimen aurreikusten dituzue datorren asteetarako?
    Aurreko asteetan, Angel Oiar­bideren hitzaldi interesgarri askoa izan genuen, eta ekainaren 18ko galdera adosteko irizpideak ere markatu genituen batzar ireki batean, eztabaida mamitsu batekin. Hemendik aurrera, Mendialdea osoan egingo dugun galdera adosteko batzarra izanen dugu maiatzaren 5ean, abestiaren eta honen bideokliparen grabaketa ere berehala hasiko da... Aranon, datorren asteartean, apirilaren 25ean, eginen dugu galdera adosteko batzar irekia; iluntzeko 21:00etan, udaletxeko ganbaran bilduko gara.
    Beraz, goizuetar nahiz aranoar guztiak gonbidatu nahi genituzke da­tozen ekimenetara. Ekaina­ren 18a mundiala izanen da!

  • ARGAZKIAK

Iragarki merkeak

  • Esperientziadun andreak lan egingo luke adinekoak zaindu edota lagun egiten eta garbitasunean. Ordutegia: 11:30-17:00.

    Telefonoa: 654122548


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • Tailer mekanikoa salgai Hernanin. Lizentziak indarrean ditu eta makineria guztia prest. Bezero kartera haundia eta errentagarritasun frogagarria.

    Telefonoa: 656709251


  • Taxi lizentzia salgai Hernanin, jubilazioagatik.

    Telefonoa: 670012987


  • Emakumea pertsona helduak egunez edo gauez zaintzeko pronto. Esperiantziaduna eta erreferentziekin.

    Telefonoa: 697866442


  • Pisu bat erosiko nuke, Kaxkoan edo inguruan, igogailuarekin.

    Telefonoa: 664554437