2018/12/18
  • Ohiana Calparsoro eta Nerea Ansa, Alai Ondo estudioan.
    Ohiana Calparsoro eta Nerea Ansa, Alai Ondo estudioan.
  • albistea//OHIANA CALPARSORO ETA NEREA ANSA

    «Lienzo txuri bat bezala da Arano; edozer egin daiteke, eta dena da ongietorria»

  • Orain urte eta erdi pasatxo mugitu ziren Aranora, Ohiana Calparsoro eta Nerea Ansa, Donostiatik. Alai Ondo diseinu estudio jarri zuten bertan, baina hamaika saltsatan sartu dira ordutik: «oso momentu onean iritsi ginen herrira, berehala ireki zutelako Maisuenea, eta hori sekulako aukera izan da», nabarmendu dute.

  • ARANO
    2018/09/29 00:00 Larunbata
  • Amuarrainak bezala, gazteak herri txikietatik hirietara daramazkien korrontearen kontra, Donostiatik Aranora mugitu zi­ren, orain urte eta erdi pasa­txo, Ohiana Calparsoro eta Nerea Ansa. Bertan diseinu grafikoko estudio bat jartzea ere, ez zen ohikoena izan. Nolatan bukatu duzue hemen?, galdetzen zieten; «bikotea ginela uste zutela da gure teoria», diote. Baina ba­dauka bere istorioa, beraiek dioten bezala: «Nerearen familia aranoarra da, baina beti bizi izan da Donostian. Diseinua el­karrekin ikasi genuen biok, eta orduan hasi ginen proiektuak konpartitzen, nahiz eta aparte bakoitzak bere lana zeukan. Kontua da, gure proiektu­a­ri eskaini nahi genizkiola indar guztiak, horretan zentratzeko apustua egin. Baina noski, Do­nostian zure proiektua eduki, independientea izan... Ez genekien proiektuak zein etekin eman zezakeen», ekarri du go­gora Ohianak.

    Eta puntu horretan azaldu zen Arano: «nire familiak etxe bat zeukan hutsa herrian, eta hasieran, garagardo artean ko­mentatu genuen, Aranora mu­gi­tuko ote ginen... Baina broma eta broma, ia bi urte daramazkigu hemen», dio Nereak.

    Sormenerako «oso espazio ona» dela diote biek: «beste giro bat daukazu hemen. Oso inguru lasaia da, sekulako isiltasuna dago, ez zaizu inor etortzen molestatzera, taberna bakarra dago eta astez askotan itxita... Beraz, ez daukazu distrakziorik. Noski, ematen du hori horrela izango dela, baina gero hemen zaude eta edozerekin distraitzen zara; txakurrak ateratzera goaz, edo baratzean aritzeko laguntza eskatu digute, edo frontoia hemen ondoan da­goela… Azkar aurkitzen duzu beste edozer egiteko aitzakia!».

    Bezeroak lortzeko, ordea, bila atera behar dute, eta hori ge­hia­go ari zaie kostatzen: «ez gara komer­tzialak, baina moldatzen gara. Orain, ari gara Goi­zueta edo Leitzara ere jotzen. Esa­te­rako, Mendialdea Man­ko­mu­nitatearekin ari gara lanean».

    «Oso herri berezia da; hemen dagoen bakea da...»
    Ohianak onartu du, «ikaragarri» gustatzen zaiola herria: «nire­tzat, hona etortzea izan ziren esti­mulo berri pila bat. Na­tu­rarekin harreman zuzena, jen­de oso desberdina, oso irekia eta gertukoa… Eta hemen dagoen bakea da... Oso herri berezia da. Ba­dau­ka bere piña, baina aldi berean, independentzia daukazu nahi duzuna egiteko. Eta ur­ta­roak beste modu batera bi­zi­tzen dituzu. Donostian, ne­gua negua da, eta udara udara. Bai­na hemen, nabaritu egiten ditu­zu; pila bat aldatzen da he­rriaren dinamika, kalean en­tzuten dituzun zaratak...».

    Nereak, bere aldetik, nabarmendu du sekula imajinatu ere egingo ez lituzketen gauzak egin dituztela bertan: «sagarrak bildu eta sagardoa egin, txerri hilketa, gazta egiten ikasi, egurra moztu tximinia pizteko... Herriak se­ku­lako ha­rrera egin zigun, eta de­ne­rako oso ongietorriak izan gara».

    «Oso momentu onean iritsi ginen Aranora»
    «Lienzo txuri bat» bezala definitzen du Ohianak Arano: «oso mo­mentu onean iritsi ginen. Gu etorri eta bederatzi hilabetera edo, Maisuenea ireki zu­ten. Eta hori sekulako aukera izan da; edozer egin dezakezu, eta dena da ongietorria, denak dauka harrera ona. Udalak guz­tion eskura utzi zuen, eta ba­koi­tzak, da­ki­ena eskaintzen du bertan; gi­tarra ikastaroa dela, yoga ikastaroa dela... Guk, hau­rrentzako tailer bat antolatu genuen ga­bonetako postalak egi­teko, mu­sika esperimentalarena beste bat... Logoa eta kartelak ere egin genizkion Maisueneari, eta gau­za berezi bezala, arbela. Kon­tse­ju parean badago panel bat, kartelak eta jartzeko; eta beste aldea erabat utzita zegoenez, pizarra pinturarekin margotu genuen, Mai­su­eneako izena idatzi, eta bertan egingo den edozer, arbelean iragarri daiteke, tiza hutsarekin. Maisuaren etxea zen be­rez, eta hortik, edo­zein maisu iza­tera gonbidatuko duen espa­zio batera bideratu nahi zuen Udalak. Horre­ga­tik, maisu baten letraren antzeko batekin egin genuen logoa; eta arbela kalera atera genuen», azaldu dute.

    Saltsa guztietan sartzekoak dira biak: «herrira iritsi eta au­rreneko gauza, jai batzordean sartu gintuzten, inauteriak las­ter zetozela eta. Baina hasieran, denera berandu iristen ginen. Izan ere, jendeak bere martxa hartuta dau­ka, eta bakoitzak badaki bere zeregina zein den urtero, festetan. Izan ere, jendea oso nekatuta dago, baina oso langilea da. Eta zu konturatu gabe, bat-batean gauzak atera egiten dira. Urtero egiten dute, eta ez zaie esan ere egin behar. Gogo­ratzen naiz aurreneko urtean, festetarako bi edo hiru aste ge­ratzen zirela, eta zein arraroa, inork ez zuela oraindik ezer esan. Ea nola an­tolatuko ginen galdetu, eta da­goeneko bakoitzak berea eginda zeukan. Horregatik, aurten askoz ere lehenago hasi gara, galde­tzen, pro­posatzen eta mugitzen. Eta pixka bat xaxatuz gero, se­ku­lako erantzuna ematen dute».

    Onddoak protagonista, aurtengo San Martinetan
    Jalki kultur elkartearen so­rre­ran ere hartu zuten parte, Ohianak eta Nereak; eta astearte honetan bertan egin dute aurreneko bilera, ikasturtea pla­nifikatzen hasteko: «Landa Eremuko Emakumeen Egu­ne­an, urriaren 15ean, zerbait antolatu nahi dugu Aranon; eta San Martinetan onddoen inguruko tematika izango dugu. Jendea otarrarekin joan beharrean, poltsarekin joaten da, bat bera ere hartu ezean, buelta bat ematera soilik joan direla esateko. Baina plastikozko poltsarekin joatea ez da ona. Horre­gatik, otar tailer bat antolatu nahi dugu, paper birziklatuarekin. Eta sustatuko dugu sa­rez­ko poltsak eramatea, plastikozkoak beharrean».
    Hala ere, diote «kontuz» ibili behar dutela, saltsetan sartu bai, baina erre gabe: «garran­tzi­tsu­e­na da, dagoena mantentzea baina modu bideragarri batean. Zaila da gauza berriak antola­tzea, edo egiten dena beste mo­du batera egitea. Aurten lortu dugun haundiena izan da, jaietatik animaliak ken­tzea. Hor bota genituen gure izerdiak… Izan zen esatea, ba­tzuetan gauzak aldatu behar direla. Esaten zuten haurrengatik egiten zutela; beraz, haurrei utzi genien bozkatu eta era­ba­ki­tzen, eta zirku tailerra aukeratu zuten. Eta izan zen garaipen totala! Frontoia bete-betea, ko­lo­retsu, haur eta guraso, haundi eta txiki elkarri laguntzen taldeko ariketetan… Izugarri po­lita izan zen», gogoratu dute.

    Mahai jolasa sortzen
    Baina saltsa guztien aurretik, diseinu grafikoko zerbitzuei eskaintzen diete eguna: kartelak, katalogoak, gonbidapenak, komunikazio estrategiak, animazioa... Eta bezeroek eskatutako lanetatik harago, proiektu propio bat ere badaukate: «ma­hai jolas bat sortzen ari gara, sasoian sasoiko barazkiak zein diren ikasteko. Izango dira jo­ka­lariak satorraren kontra; ea lortzen duzun barazkiak biltzea, edo satorrak irabazi eta lur guz­tia izorratzen dizun. Azke­nean, zure bezeroaren beharrak asetu behar dituzu, baina artista bezala, zure beharrak ere asetu nahi dituzu. Aranora etortzean, nahi genuen erabaki gure bizitzarekin zer egin, bi­zitzaren ahalik eta esparru ge­hienetan. Hori da gure esen­tzia pertsonala, Alai Ondo estudioarena, eta hori gure lanetan ere nabaritu egiten da. Saia­tzen gara proiektu bakoitzari bere esentzia ateratzen». 

Iragarki merkeak

  • Zaintzailea behar da, adineko pertsona bat zaintzeko. Deitu, arratsaldez: 634 400 948

    Telefonoa: 634400948


  • Iñigo Royo Masajista. Masajea, naturopatia, osteopatia, kinesologia, reiki, homeopatia, akupuntura... (Agustindarren plaza, 4)

    Telefonoa: 943332894


  • LOGIKALINE enpresak BOST TELEOPERADORA LANPOSTU bete behar ditu. Lana Hernanin egiteko da. Kontratua: 6 hilabete, hasteko. Gaztelera eta frantsesa eskatzen dira. Lanaldi osoa. Bidali c.v. rrhh@logikaline.com edo deitu 943 31 86 06

    Telefonoa: 943318606